top of page

Juan Ramon Madariaga

Juan Ramon Madariaga Abaitua (Bilbo, Bizkaia, 1962ko abenduaren 19a - ), Juanra Madariaga izenez ere ezaguna dena, euskal idazle eta alpinista da. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta 1988an Bizkaiko Foru Aldundiaren poesia saria irabazi zuen, Imentzioaren pergamuak poema sortari esker. Bestalde, zortzimilako 5 mendi igo ditu eta bere esperientziak kontatuko dizkigu.

Noiz hasi zen zure mendiarekiko zaletasuna?

Gogoratzen dut aspaldi aspaldian denbora libreko taldeetan ibiltzen ginela kuadrila baten barruan eta horiek planeatzen zituzten igandetan mendi irteerak, Gorbeiara, Anbotora eta horrelako inguruko mendietara. Behin, Untxilaitz menditik bajatzen ari ginela, hor Atxarte dago, eta tipo batzuk ikusi genituen bertan soka batzuekin eskalatzen eta flipauta geratu ginen.  Ez dakit nola baina sokak alokatzen hasi ginen, rappelak eta eskalada txikiak egiteko. Egun batean ausardi askorekin horma bat eskalatu behar genuela erabaki genuen eta justu hor behean aurkitu genituen eskaladore zainduak. Gure esperientzia txikia ikusita haien sokak eta mosketoiak utzi zizkiguten eta harrian gora eraman gintuzten. Harrez gero nik uste dut taldetxo bat egin genuela eta pixkanaka-pixkanaka hasi ginela eskaladak egiten. Hasieran bakarrik Atxartera joaten ginen baina handik eta urte batzuetara salto bat egin genuen eta Pirineoetara eta Monte Perdido ere igo genuen. Paisaia eta altuera asko gustuko nituen eta berehala konturatu nintzen mendian gustura sentitzen nintzela.  18-19 urterekin, Perura joateko aukera bat sortu zitzaigun. Amari diru eske joan nintzaionean, ia zer uste nuen erantzun zidan eta azkenean, amamaren bidez eta osaba izekoei esker dirua lortu nuen. Peruko mendiek, 6000m-ko altuera izaten dute  eta hor deskubritu nuen alturaren magia eta harrezkero ez naiz gelditu. Altuerak asko liluratzen nau, hor goian ezintasun horrekin beti borrokatzen ibiltzeak, sentsazio oso bortitzak luzatzen dizkit. Perutik, Argentirara joan nintzen Aconcagua igo, ia 7000 metro, gero Indiara lehenengo saltoa eman nuen Himalayara eta harrezkero ez naiz geldirik egon.

 

Everest, munduko mendirik altuenean gailurra egin zenuen Jordi Estanyolekin batera. Ze sentsazio eduki zenuen behin gailurrean zeundela? Zer da 8000 metrotan bilatzen duzuna?

Everesteko kasua, kasu berezia izan zen. Munduko mendirik altuena izanik, suposatzen da edozein mendizalek igo nahi duen mendi bat dela. Aspaldian saiakera bat egin genuen baina zapuztu egin zitzaigun, ezin izan genuen 7000 metrotik pasatu eta 2008an aukera berri eta paregabe bat azaldu zitzaigun. Everestetik gogoratzen dudana da berton jende ikaragarria zegoela munduko mendirik altuena igotzeko asmotan eta bestetik lan handia, berez fisikoki oso prestatuta joan ginen horra. Tontorraren egunean gogoratzen dudana da, azkeneko metroak oxigenoarekin egin behar izan genituela eta nik pentsatzen nuela berez oxigenoa izango zela erreztasun handia luzatuko zigun medioa. Hala ere, rollo hutsa izan zen ezin baituzu ondo arnastu, oxigenoa kanpoko airearekin nahastu behar duzu…  Behin tontorrean pisu arintze itzela sentitu nuen, barrutik zera esan genuen, “kontxo ez dugu gehiego igo behar”. Tontorrera abiatu ginen aurreko gabeko 9etan, eta hurrengo eguneko goizeko 10ak arte ez ginen iritsi. Ia 13 orduz ibili ginen eta oso luzea egin zen. Azkeneko momentuak oso gogorrak egin zitzaizkigun eta adibidez Jordi erabat lehertuta iritsi zen beraz jaisterakoan ere problema handiak izan genituen laugarren kanpamentura iristeko. Beraz sentsazioa, alde batetik erabat pozgarria nire barnean sentitzen nuelako munduko mendirik altuena igota nuela eta hori edozein alpinistaren ametsa da baina gero bestetik neke ikaragarria metatu zitzaidan gorputzean. Hala ere etxera bueltatzean konturatzen zara benetan zer egin duzun, kontatzen hasten zarenean, sentsazioak azaltzen dituzunean.

8000 metrotan bake eta askatasun moduko zerbait sentitzen dudala esango nuke. Beti ibiltzen naiz ametsetan ia noiz egongo naizen 8000 metro dituen mendi baten puntan eta bertan nagoenean, beste espazio batean egongo banintz moduan sentitzen dut.  Nire lehenengo 8000 mendia Cho Oyu izan zen, ordu terdi egon nintzen tontorrean eta bertan sentitu nuen bake absolutua. Negarra eta emozioa sentitzen nituen bitartean, lasaitasuna eta askatasun ikaragarria sentitzen nuela iruditu zitzaidan eta hori beti sentitu dut. Asetuta sentitzen zara, zure ametsak bete dituzun sentsazioa.  Azal ezinak dira, momentu horretan oso efimeroak baina oso intentsoak.

 

Esperientzia onena eta txarrena sailkatzen jakingo zenuke?

Esperientzia bakoitza beti izaten da esperientzia bakarra, beste herri bat ezagutzen duzulako, beste herrialde bat, jende berria, orokorrean oso atsegina eta lehen esan dudan bezala oso espazio berezian murgiltzen zarelako. Niri natura asko gustatzen zait eta hango paisaiak ikaragarriak dira, argazkien moduan ekartzen ditut memorian hango irudiak. Bertara joaten garenean, badakigu klimatologia arrotz bati aurre egin beharko diogula, gaixotu zaitezkeelako, janaria ez delako batere ona, urarekin ere arazoak izaten dituzu, alturak berak oso altu jartzen dizulako langa hori fisikoki ondo egoteko.  Badaude kontrola ezinak diren baldintza batzuk klimatologia adibidez, 7000-8000 metrora ekaitz batek harrapatzen zaituenenan pentsa dezakezu heriotzatik oso hurbil zaudela. Baina kontrola daitezkeen uneetan, elurra zelan dagoen, ekaitza badator buelta ematea, une horietan hain zuzen ere, beldur pixka horrekin sortzen da oreka.  Egoera horren aurrean garaile ateratzen zarenean eta horrek ematen dizu bizi gogoa edo indartsu zauden sentsazioa. Abalantxak eta horrelakoak gertatzen ez direnean esan genezake espedizioak beti emango dizula sentsazio atsegin bat.

 

Zelakoa da fisikoki eta mentalki egin behar duzuen prestakuntza espedizio baten aurretik?

Fisikoki nik normalean egunero entrenatzen dut, edo korrika edo eskalada, gaur egun edozein alpinistak egiten duena. Egia da espedizio batera hurbiltzen naizen guztietan, hilabete batzuk lehenago entrenamendu hori intentsifikatu egiten dut eta gorputzari egur handia ematen diot altueran jasan behar dudan desgaste horri aurre egiteko. Normalean fisikoki erantzun ona jasotzen dut nire gorputzetik, hau da, badakit nola funtzionatzen duen nire gorputzak egoera horietan. 6000 metroetara ailegatzean oxigeno falta somatzen dut, hala ere hortik aurrera nire gorputza egokitu egiten da oxigeno falta horretara eta kostatzen zaidan arren aurrera egiten dut.  Mentalki nik normalean ilusio handia izaten dut espedizio bat begien aurrean jartzen zaidan bakoitzean. Motibazioa pizten zait barrutik eta motibazio horrek modu batean landu egiten du nire prestakuntza psikikoa. Dakidan arren egun horiek edo aste horiek gogorrak direla, motibazioak eta gogoak asko laguntzen dit. Batez ere urteen poderioz hartutako esperientzia oso lagungarria izan zait eta gaur egun motibazio pixka batekin badirudi argi guztiak pizten zaizkidala.

 

Arriskuari dagokionez, non esango zenuke dagoela muga?

Arriskua mendiak duen faktore bat da eta batzuetan alpinismoak duen elementurik harrigarriena arrisku hori nola kontrolatzea da. Badugun, esperientziak, indar fisikoak eta eskarmentuak arrisku horri aurre egiteko balio digu egia da gauza batzuk kontrolezinak direla. Eremu horretan dauden baldintza guztiak aztertzen eta horren aurrean erabaki egokiak hartzen baldin badakizu horretan datza eskarmentuak eta esperientziak. Nik askotan jakin dut egoera latz batean buelta ematen eta normalean buelta ematean hartutako erabakia zuzena izan dela ikusi dut. Gailurraren imana oso handia da eta horregatik batzutan istripuak gertatu dira. Egoera jasanezina denean badakizu bueltatu behar zarela, eta nahiz eta badakizun zure bizitza arriskatzen ari zarela, arriskua are handiagoa da egoera horietan.

 

'Mountainers for Himalaya Fundation' Nepaleko fundazioarekin lan egin zenuten Shisha Pangmako espedizioan. Zelakoa da bertokoen bizimodua? Klimatologia hain gogorrari aurre egiteaz aparte, sozialki ze arazo aurki daitezke berton?

Normalean espedizioak montatu ditugun guztietan beti iruditu zaigu mendia izan daitekeela ez gure ametsa bakarrik, mendia ez dela hara joatea haiekin disfrutatzea eta etxera bueltatzea. Mendian zerbait utzi zerbait egin edo zerbaitetan lagundu nahi dugu. Hango jendeak eta parajeak asko ematen digu guri eta guk ere hala egin nahi dugu. Behin Himlayako aterpe batean bizi ziren umeei 300kilo arropa eraman genizkien, jolasak, kuadernoak, pinturak… Han pobrezia oso handia da eta kalean bizi diren umeek gorriak ikusten dituzte bizimodua atera ahal izateko. Arrisku handia bizi izaten dute ume horiek bahitu egiten dituztelako Indiako lantegietara lanera eramateko. Nahiko espektatiba itsusiak izaten dituzte umeek txikitan batez ere familiarik ez daukaten umeek. Pakistanera joan ginen beste batean farmazeutika batekin aritu ginen botika zenbait eroan ahal izateko zonalde ruraletara. Hau egiten dugu uste dugulako ezin garelako bertaratu gure Europar itxura boteretsu honekin eta handik ekarri guztia eze utzi gabe. Haiekin bizi izan dudu haien kultura, pobrezia eta ahal izan dugun guztietan bertan geratu dira gure janaria, arropa eta botikak.

 

Sherpek egiten duten lanari buruz zer esango zeniguke?

Sherpak dira Nepaleko Himalayan dagoen kasta bat eta hoien lana gaur egun mendian funtsezkoa da. Nik Sherpak kontratatu izan ditut bi espediziotan bakarrik batez ere eramandako pisua eta ateriala handia zelako. Everest espedizioan transportatu behar izan genuen goiko kanpamentura material asko eta horretarako Sherpa gazte baten zerbitzua kontratatu genuen. Argi ikusten duzu halako pertsonarik gabe ezinezkoa litzatekela gaur egun espedizio bat burutzea ez bazoaz oso modu arinean eta modernoan, estilo alpinoan esaten den bezala. Gaur egun dira pertsona indartsuenak fisikoki, betan bizi direlako alturan urte osoan eta gorputza nolabait programatuta daukate altura horretan jarduteko. Esan liteke Okzidenteko alpinismoa ez litzateke ezer izango aintzinako sherpa hauen laguntzarik gabe espedizio guztiek erabili baitituzte haien zerbitzuak. Nik pertsonalki errespetu handia diet oso pertsona indartsuak iruditzen zaizkit, alpinistikoki kriston atletak dira, ez daukate guk ditugun beldur eta obsesioak. Beraientzat mendia zerbait oso hurbila da bertan bizi direlako eta eremu horretan jaiotzen direlako. Hori dela eta, bere ikuspegia beti da errespetuzkoa mendiarekiko eta haiengandik asko ikasi dut, adibidez Tibetarren kultura, erritoak eta hitz batzuk.

 

Ze lotura egingo zenuke poesia eta mendiaren artean?

Justo aritzen naizen bi eremu desberdinak dira. Batean kirolari moduan joaten naiz eta bestean idazle moduan. Egia da biak batu izan ditudala adibidez mendira joaten naizenean normalean idatzi egiten ditut koaderno batean hango sentsazioak. Gero handik ekartzen ditut hona eta bizi izandakoak emandako ideia batetik tiraka poemaren bat edo narrazioren bat sortzen da. Holakoak baliatzen ditut gero poemak sortzeko baina gutxitan idatzi dut adibidez poesia edo erabili dut poema bat mendiaz hitz egiteko. Udaberrian adibidez publikatuko dut liburu bat non narrazio luze bat egin dudan 100 bat orrialdekoa. Bertan narrazioak eta poemak tartekatzen dira eta espedizio batean sentitutako sentsazioak sailkatu nahi izan ditut eta berez horretaz jardun dut. Kasu horretan literatura eta mendia oso lotuta egongo dira nire lehenengo lan narratiboa mendiaz izango baita. Baina egia esan poesian aritzen naizenean egunerokotasunaz hitz egiten dudala. Beraz, lotura ez ezinbestekoa baina eduki badute.

bottom of page