top of page

MENDI KIROLAK

 

Asko dira naturarekin kontaktuan egin daitezken kirolak. Itziar Zabala eskalatzailea, Irati Astondoa segalaria eta Juanra Madariaga alpinista dira horien adibide bat. Zeresan handia daukaten kirolariak dira hirurak, eta haien esperientziak, ibilbidea eta espektatibak kontatu dizkigute.

 

Eskalada, hankak, eskuak edo beste baliabide artifizial batzuk erabiliz, harkaitz, izotz-horma edo artifizialki prestatutako erliebe bertikaletatik igotzean datzan kirola da.

Hainbat eskalada mota daude, adibidez, horma artifizialeko eskalada, Boulder, kirol eskalada eta eskalada askea. Baina orain beste modalitate bat sartu da indarrean Itziar Zabalak esan digun bezala, abiadurazko eskalada. “Konpetizio aldetik ez da asko entzuten hemendik, baina europan indar handia dauka eta asko praktikatzen da”. Zabala dimako eskalatzaile gazte bat da. 13 urterekin hasi zen eskalatzen, herrian ospatu zen Dima Rock Master eskalada txapelketa bat ikusi eta gero. Ikaragarri gustatu zitzaion kirola eta berak ere probatzea erabaki zuen.

Zabalak esan digun bezala, hurrengo Olinpiar Jokoetan sartzeko bidean doa. Berriaren arabera, urte gutxiren buruan eskaladako txapelketek izan duten garapenaz jabetuta eman zioten hasiera proiektuari, eta, gaur egun, azken epaiaren zain daude. Irailean erabakiko da, Buenos Airesen. Hautagaitzan dauden zortzi kirolen artean aukeratzen dutena 2020ko eta 2024ko Olinpiar Jokoetan izango da.

Hainbat kirolari dira proposamena babesten dutenak, eta Itziar Zabala horietako bat da.

 

Boulderrean entrenatzen hasi zen eta gero herrian bertan dituen Baltzolako kobetara joaten hasi zen. Koba hauek eskalada munduan oso ondo baloratuta daude eta hainbat dira bertan praktikatzen duten eskalatzaileak. Jarraian lehiaketetan parte hartzen hasi zen, hasi eta hilabete gutxi batzuetara Euskal Herriko Txapelketan hartu zuen parte eta irabazi egin zuen. Espainiako txapelduna izan da ere hainbat aldiz, eta Zabalaren forma ona ikusita Espainiako selekziotik europako eta munduko txapelketetatara ere joan da.

 

Zabalari eskaladan emakumeek betetzen duten papelaz galdetu zaionean erantzun baikor bat eman du. Jende eta emakume askok eskalatzen du, baina askok ez dute txapelketetan parte hartzen. “Maila altu bat ez badaukazu ez du merezi txapelketan inskribitzeko ordaindu behar den dirua ordaintzea jarraian eroriko bazara, orduan jende asko ez da joaten”.

Baina neskek mutilak besteko kapazitatea daukatela aldarrikatu du, “gogor entrenatu behar da”.

Horretan Zabalak badauka zer esanik, hasi zenetik ia egunero joan baita eskalatzera. Neguan batez ere boulderrean haritzen da, entrenamentu planifikatua dauka, erresistentzia, indarra edo egunean tokatzen dena alternatuz.  Eta denboraren arabera, asteburuetan harrira joaten da.

Horrez gain aurtengo udan Menorkara joan da Psicobloc-a egitera. Desnivel aldizkariaren arabera orain oso modan dagoen modalitatea da, eta orain psicobloc txapelketak egiten ere hasi dira. Ekintza honek sorrera Mallorka irlako itsaslabarretan dauka, baina ez dugu denbora asko itxaron behar izan beste hainbat tokitan praktika hau ikusteko. Zabala eskalatzaileak dioenez “metodo oso polita da modu seguruan eskalazeko”, izan ere ura oso argia da, kristalinoa, beraz harririk dagoen oso argi ikusten da.

 

Itziar Zabala naturarekin oso kontzientziatuta dago eta behin eta berriz errepikatzen du natura erabiltzen badugu, ingurua garbi mantendu behar dugula. Baina mezua ez dago bakarrik eskalatzaileei zuzenduta, orokorragoa da, jende asko baitago mendira joan eta hau lohi-lohi uzten duena.

Beste mezu batekin bukatzen du, “oso kirol aproposa da ingurua eta jende berria ezagutzeko”. Honekin, nahiz eta uste duen jende askok praktikatzen duela jada, jende barria animatu nahi du eskalada probatzera eta eskaladaz disfrutatzera.

Zortzi milako terminoa alpinismoaren terminologian zabaldu izan da, munduko 14 zortzimila metro baino gehiagoko altuera duten mendiak definitzeko.  Guztiak, Himalaya eta Karakórumeko mendikateetan aurkitzen dira. Ezagutzen den lehenengo espedizioa 1985. urtean izan zen, hala ere saiakeran hil ziren. 

Hala ere, lehenengo igoera arrakastatsua Maurice Herzog eta Louis Lachenal frantsesek lortu zuten, 1950ean Annapurnako tontorrera iristean.

 

Azpimarratzekoa da 1980.urtean Martin Zabaleta hernaniarrak Everesteko gailurrera heltzea lortu zuela Pasang Temba sherparekin batera. Espainia mailan lehenengoa izan zen horrelako balentria burutzen. Euskaldun mendizaleei erreparatuz, Juanito Oiarzabal edo Juanra Madariaga moduko alpinistak aipa ditzakegu. Tontorrean zer sentitzen den ondo azaldu digu Juanra Madariagak, santutxutar idazle eta alpinistak: “Behin tontorrean pisu arintze itzela sentitu nuen, barrutik zera esan genuen, "kontxo ez dugu gehiego igo behar".

Tontorrera abiatu ginen aurreko gabeko 9etan, eta hurrengo eguneko goizeko 10ak arte ez ginen iritsi. Ia 13 orduz ibili ginen eta oso luzea egin zen. 8000 metrotan bake eta askatasun moduko zerbait sentitzen dudala esango nuke. Beti ibiltzen naiz ametsetan ia noiz egongo naizen 8000 metro dituen mendi baten puntan eta bertan nagoenean, beste espazio batean egongo banintz moduan sentitzen dut”.

 

Bizitza arriskuan jartzen dutela esan beharrik ez dago eta bizia galtzeko arrisku hori bertan dagoela ere kontzienteak dira. Asko dira kontuan izan beharreko faktoreak horrelako muturreko egoeretan.” Eremu horretan dauden baldintza guztiak aztertzen eta horren aurrean erabaki egokiak hartzen baldin badakizu horretan datza eskarmentuak eta esperientziak. Nik askotan jakin dut egoera latz batean buelta ematen eta normalean buelta ematean hartutako erabakia zuzena izan dela ikusi dut” izan da Juanraren erantzuna arriskuari buruz galdetzerakoan. 90. hamarkadan, goi altitudeko alpinismoaren masifikazioarekin batera, formulario batzuk sinatzen hasi behar izan ziren bertaratzen ziren mendizale guztiak. Bertan, hiltzeko kasuan gorpuarekin zer egin behar duten adierazten da.

Hiru aukera posible daude, lehenengoa, gorputza mendian uztea, bigarrena, gorpua Katmandúra itzultzea eta hirugarrena, gorpua etxera eramatea.  Emakumeei dagokienez, Edurne Pasaban tolosarra aipatu beharra dago. Munduan lehenengo emakumea izan zen 14 zortzimilako mendiak igotzen. 9 urtetan lortu zuen hamalauetan tontorra lortzen. Argi dago Euskaldunok badaukagula gure nortasunean, inguruan ditugun paisaiekiko lotura estu baino estuagoa.

Irati Astondoa txikitatik herri kirolen munduan sartuta egon da. Bere aitak, Pabi Astondoak, zerikusi handia izan du horretan. Aita oso ezaguna da herri-kirolen arloan eta berak ere bere bidea jarraitu du.

Herri kirolak, Euskal Herrian aintzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie. Gehienak hemen sortutakoak dira, eta jatorria garai bateko lan jarduera desberdinak aisialdira bideratzean aurki dezakegu. Baserritar inguruarekin dago estu lotuta, egin behar zituen edo dituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin.

Astondoa zeaniztarrak hainbat herri kiroletan hartzen du parte, hala nola, sokatiran, gizon edo andra probatan, eta batez ere segan.

Ez hori bakarrik, Astondoak bertsolaritzarekin bateratzen du kirola. Eskualdeko bertsolaritza lehiaketetan parte hartzeaz gain Orozkoko eskolan ume eta gazteei bertsotan irakasten du.

Baina segan aritzeagatik da ezagunena Irati, sega, denbora jakin batean ahalik eta belar gehien moztean oinarritzen den kirola da.

 

Segan 14-15 urterekin hasi zen Astondoa, eta apurka-apurka lehiaketetan parte hartzen hasi zen. Ez da Euskal Herrian bakarrik aritu, mundua zehar hainbat lekutan ibili da kodaina eta trontza hartuta. Lehiaketetan eta erakustaldiak egiten gazte hasi zen. Taldeka hainbat sari irabazi dituzte, eta Astondoa 23 urte azpikoetan Euskal Herriko sega txapelduna ere izan zen 2011an. “Gaztetatik beti apuntatu izan naiz ahal dela Euskal Herriko Txapelketan” Baina Bizkaikoa den arren, Nafarroako ordezkari bezala lehiatzen du, “nire trontzako bikotea bertakoa da eta”.

 

Astondoa segan eta herri kiroletan sartu zuen pertsona bere aita da. Bere aitarekin daukan harremanaz hitz egin du, hainbeste ordu berarekin igaro eta gero. Aitari gauza asko eskertu behar dizkiola esan du, berarengandik izango ez balitz, ez litzatekeelako inoiz segan ibiliko, baina ordu asko igarotzen dituzte elkarrekin eta askotan “sutan” jartzen diola onartu du. 

 

Emakumearen paperi buruz ere hitz egin du eta betiko antzekoa dela baietztau du. Astondoak dioenez bera hasi zenetik beti antzekoekin ibili dira. “Batzuk itxi egin dute baina beste batzuk orain hasi dira”. Gaur egun oraindik ez du aurkitu Bizkaia mailan bere lehiakidea, eta hori berarentzat ez da guztiz positiboa. Baina hala ere gorantz doan kirol bat dela uste du kirolariak. “Aurten hainbat gazte hasi dira segan, mutilak dira gehienak baina txapelketetara irtetzen ere hasi dira”.

Egoera ezin hobean ikusten du kirola, eta hori urtero herri desberdinetan egiten diren erakustaldietan ikusi daiteke. Gero eta jende gehiago eta gazte gehiago animatzen dira parte hartzen, eta hori etorkizunerako oso baliagarria izan daiteke. Gainera gero eta publikoaren erantzun hobea dauka eta sinbolo bilakatu da herri kirolen mundu hau.

bottom of page