top of page

IRATI ASTONDOA

Nondik dator segan egitearen zaletasuna? Noiz hasi zinen?

Segan 14-15 urterekin hasi nintzen, etxean betidanik ikusi dut nire aita eta nire familia segan, eta ni ere animatzea pentsatu nuen. Apurka-apurka hasi nintzen etxean egiten, nire aitaren laguntzarekin, eta gero plazara irteten hasi nintzen, gero eta hobeto egiten nuen ahala.

 

Segatik aparte beste kirolik egiten duzu?

Bai, txikitatik ibili naiz kirolean sartuta. Gaur egun trontzan, palan eta giza-proba edo emakume-probatan ibilten naz.

 

Eta gainera bertsotan ere ibiltzen zara.

Bai, egia esan bertsotan “umemokoa” nintzela hasi nintzen Zeanuriko eskolan. Betidanik gustatu izan zait bertsoa entzun eta bertsoarekin jolasean ibiltzea eta klasetik kanpo ere bertso-eskolara joaten hasi nintzen.

 

Nola daramazu zure aitarekin entrenatzea, bizitzea,... egunero hainbeste ordu berarekin pasatzea?

Aitari gauza asko eskertu behar dizkiot, beragatik izango ez balitz, ez nintzateke inoiz segan ibiliko. Herri-kiroletan egin dodan guztia beragatik da; bai materiala, bai erakustaldietan, bai entrenamenduetan... Azken batean, mundu honetan sartzen bazara, dena erraztuko dizun pertsona bat behar duzu eta nik sorte handia izan dut.

Baina eztabaida asko ere izaten ditugu, entrenamendu guztietan “hau horrela ez da”, “hori nik holan egiten nuen”... askotan sutan jartzen nau. Badakit nire onerako dela eta zuzentzeko dela, baina momentuan beti esaten diot zerbait. Azkenean beti bukatzen dugu batak bestearekin kokteraino, baina oso ondo konpontzen gara.

 

Nola ikusten dituzu kirol hauek? onartuta al daude?

Bai, Bizkaian jende askok ez ditu herri-kirolak eguneroko gauza bezala ikusten, baina Gipuzkoan eta Nafarroan oraindik bizirik daude eta gu ere hor ibiltzen gara.

 

Lehiaketetan ere hartu duzu parte, ezta?

Bai, gaztetatik beti apuntatu izan naiz ahal d Euskal Herriko txapelketan. Bizkaiko ordezkari bezala joan beharrean, Nafarroako ordezkaria naiz, nire trontzako bikotea bertakoa delako.

Urtean 3-4 txapelketara joaten naiz normalean.

 

Nondik ibili zara segan?

Segan, Euskal Herritik ibiltzen gara gehienbat, Nafarroa eta Gipuzkoan, eta Bizkaian be inoiz egin dugu, baina ez dago han dagoen afizioa. Eta gero kanpora joaten gara, adibidez Okzitaniara, frantziako zati batera, eta gero Eslovenia, Alemania, Gotirolen Austrian, eta horrelako leku askotan.

 

Egiten dituzun kiroletatik zein iruditzen zaizu gogorrena?

Gogorrak azkenean denak dira baina gehien ahalegintzen naizen kirola sega da, betidanik irabazi nahi izan dudalako. Bai, orokorrean esango nuke sega dela gogorrenetarikoa, besteei esfortzua kendu gabe.

 

Zein da emakumearen egoera kirol hauetan?

Betiko antzekoa. Ni hasi nintzenetik beti ibili gara 10-12 neska Euskal Herrian, eta gaur egun batzuk itxi egin dute baina beste batzuk hasi dira, orduan jarraitzen dugu gutxi-gora-behera hasierako kantitatea.

Niretzako ez da guztiz positiboa, ni bakarra naiz Bizkaia mailan eta nahiago dut lehiakideak izatea, baina ez naiz kexatzen.

 

Galtzen ari den kirol bat dela esango zenuke?

Ez, gero eta gehiagora doana aldiz bai. Aurten hainbat gazte hasi dira segan, mutilak dira gehienak baina txapelketetara irtetzen hasi dira eta esango nuke apurka-apurka gorantza doala.

 

Noiz izaten dituzu exibizio gehien?

Gehienak udan izaten dira, maiatzan hasi eta urria bukatu arte, ia-ia astebururo, taldean edo bakarrean. Andra-probatan, trontzan, segan.... hainbat lekuteko herriko jaietara joaten gara, herri-kirol erakusketak oso harrera ona izate dute eta han egoten gara. Neguan ere egoten dira, Santo Tomas-etan adibidez, bestela gehienak udan.

 

Nola entrenatzen duzu?

Neguan entrenatzeko basora joaten naiz gehienetan, eta baita korrika ere. Udan, egin behar duzun ofizioan, segan bedarra dagoenez, eta ez daukazunean edo trontzan edo beste zerbaitetan. Gutxienez aktibitate bat mantendu.

Irati Astondoa 23 urteko zeaniztarra da. Txikitatik etxean ikusi du herri kirolaren saletasuna eta berak ere bide horretatik jarraitu du. Bere aita, Pabi Astondoa, oso ezaguna da herri-kirolen arloan. Biak batera Euskal Herrian bakarrik ez, mundu osotik zehar ere ibili dira kodaina eta trontza hartuta. Taldeka hainbat sari irabazi dituzte, eta Irati 23 urte azpikoetan Euskal Herriko txapelduna ere izan zen 2011an.

Kirola bertsolaritzarekin bateratzen du, eta eskolan bertsoko klaseak ematen ditu.

bottom of page